Larunbata, 2018ko apirilak 14a.
«Maisu Handi titulua lortu duen lehen jokalari nafarra
izan nahi dut»
Bigarrenez irabazi du Euskadiko Txapelketa Mikel Huerga
iruindarrak, lehena irabazi eta sei urtera. Gabriel del Rio eta Javier Martxena
sailkatu dira haren atzetik. Ilusio handia egin dio etxean irabazteak.
Pozari eusten dio oraindik Mikel Huergak (Iruñea, 1989), Euskadiko
Txapelketa irabazi eta ia astebete igarota. Aitortu du «berezia» izan zela.
Batetik, sei urte zirelako ez zela txapeldun, 2012an, Zornotzan (Bizkaia)
jokatutako ekitaldian nagusitu zenetik —inoizko txapeldun gazteena izan zen, 22
urterekin—. Eta, bestetik, bigarren txapela etxean irabazi duelako.
Ia astebete joan da txapelketa irabazi zenuenetik, eta izan duzu denbora
egindakoaz hausnartzeko. Zein da hausnarketa?
Ez nuela nire joko onena egin, eta huts arriskutsu batzuk egin nituela.
Zorionez, oso eraginkorra izan nintzen. Horri esker gainditu nituen aurkariak.
Gabriel del Rio iazko irabazlea zen faborito nagusia. Oso lehia estua izan
zenuen harekin. Zein izan zen une erabakigarria?
Del Riorekin laugarren txandan berdindu ostean, nahiz eta biok puntu berberak
izan, uste nuen hark irabazteko aukera gehiago zuela. Baina bosgarren txandan
nik Igor Villaltari irabazi nion, eta Del Riok berdinketarekin konformatu behar
izan zuen Alain Prietoren aurkakoan. Bi partida besterik ez zen geratzen, eta
banekien nire eskuetan zegoela irabaztea. Seigarren txandan, berriz, Martxenari
nagusitu nintzaion, oso partida zailean. Nik uste hori izan zela momentu
erabakigarria.
Zenbait jokalari garrantzitsu ez dira lehiatu berriro, batez ere Gros
taldekoak. Iaz ere gauza bera gertatu zen. Badago sentipena mailak ez duela
gora egiten. Zergatik ez dute parte hartzen jokalari on guztiek?
Egia esan, oso harrigarria da, baina egia da hutsune horiek urtero egoten
direla. Nire ustez, gehienak lan arrazoien ondorioz dira, baina datak ia ezin
hobeak dira. Pena da torneo honetan jokalari on guztiak ez egotea. Lehen, hala
izaten zen.
Urte askoan jokalari berberak nabarmendu dira gurean, eta ez da belaunaldi
aldaketa osoa egin. Adibidez, Maisu Handiko titulua atera zuen azkena Mario
Gomez izan zen, eta hori jada aspaldi izan zen. Zer iritzi duzu horretaz?
Hasteko, ez da hain erraza jokalariak prestatzea Nazioarteko Maisu eta Maisu
Handiak izan daitezen. Gurean, egun, bost bat ari dira lehian, baina beste
antzeko tokietan ere ez dago askoz gehiago. Bestalde, maila handiko jokalariak
daude: Martxena, adibidez. Oso langileak dira gazte horiek, baina, 18
urterekin, gutxiago aritzen dira xakean, unibertsitateko ikasketak hasten
dituztelako. Maisu titulua lortzeko gauza askori egin behar zaio uko, eta
ahalegin handia egin.
Zure ustez, Euskadiko eta Nafarroako federazioek lan ona egin dute gai
honetan? Uste duzu Eusko Jaurlaritzaren kirol legearen debekuak zerikusia duela
horretan? 11 urte beherakoak ezin dira federatuta egon.
Azken urteotan bi federazio horiek lan ona egin dute harrobian, eta emaitzak
begi bistakoak dira. Baina Eusko Jaurlaritzaren legea, zalantza barik, oztopo
handia da helburu horiek lortzeko. Xakean, lehiaren alorrean, oso garrantzitsua
da esperientzia izatea, eta berandu lehiatzen hasteak gazteek aurrera egitea
zailtzen du.
Hautagaien torneoa jokatu berri da, eta Fabian Caruana nagusitu da. Zer
iruditu zitzaizun hautagaien torneoa?
Nire ustez, eta jokalari gehienen ustez ere, azken urteetako interesgarriena
izan da.
Magnus Carlsen munduko txapelduna luzerako ikusten duzu edo Caruanak ahal
dio benetan aurten titulua kendu?
Caruanak asko erakutsi du, baina oraindik askoz gehiago erakutsi beharko du
Carlseni irabazteko jokoz eta batez ere horrelako buruz buruko batean dagoen
presioa eramateko moduaz.
Zein erronka dituzu esku artean?
Aurki Baionako nazioarteko torneoan eta Llucmajorkoan [Herrialde Katalanak]
parte hartuko dut. Aurrera begira, berriz, nahiko nuke Maisu Handiko titulua
lortu, eta hori egin duen lehen jokalari nafarra izan.